XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JARDUERA EKONOMIKOA ETA SISTEMA EKONOMIKOAK

1. Jarduera ekonomikoa eta premiak

A- Gizakien premiak

Garai guztietako gizakiek bizitzearen ondorioz beti izan dituzte premia batzuk; elikatu, jantzi edo aterpean babesteko premia, adibidez. Baina emeki-emeki, teknikaren aurrerapenak produkzioaren gorakada eragin du. Ondasun-eskaintza asko zabaldu da eta beste gauza batzuetarako gogoa ere badu gizakiak.

Gogo eta desira berri hauek herrialde garatuetan garapen bideko herrialdeetan baino ugariago eta desberdinagoak dira eta poliki-poliki benetako premia bihurtzen dira. Horretan bi fenomenok izan dute eragina.

Batetik, pertsonengana premiak hedarazten dituen imitazio-prozesua dago, eta bestetik, publizitatea itxuragabe garatu da. Gogoan izan behar da azken honen helburua desio hutsa dena premia bihurtzea dela.

Beraz, honakoak bereiz ditzakegu:

- Lehen mailako premiak edo ezinbestekoak. Hauek gizakiak bizirik irauteko derrigorrez ase beharrekoak dira; jatea eta edatea, adibidez. Premia hauek asetzen ez badira, gizakia hil egiten da.

- Bigarren mailako premiak. Berotzeko, aterpea izateko eta janzteko premia dira.

Hirugarren mailako premiak. Kategoria honetan biltzen dira gainerako premia guztiak; aisia, kultura eta abar.

Kontuan hartu behar da izaera eta mota guztiz ugariko premiak daudela, baina horietako bakoitza banaka harturik, ase ahala premiaren maila jaitsi egiten da. Premia hori aseta dagoenean, pertsona beste premia batzuk bete nahian hasiko da.

Era berean, gogoan izan behar da norbanakoen premien ondoan premia kolektiboak ere badirela (eskolak, ospitaleak, errepideak eta abar) eta ekonomia modernoan hauen garrantzia gero eta handiagoa dela.